EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/04/19

Nekatxa

“http://www.leroy-terquem.com/IMG/jpg/Orage_dans_la_baie.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Atzo 15.30 aldean heldu nintzen etxera bazkaltzera, izerditsu anoraka eskuan, ostarteak ziren eta zirrikituetatik majo berotzen zuen eguzkiak. Bazkaldu eta ikastolara joan behar umeen bila. Irteterakoan leihotik begiratu eta zerua goibeltzen hasita dago, Abra aldean ilun-ilun. Neure artean, euria dakar, ziur asko euria egingo dik badaezpada neure euritakoaz gain beste bat eroango diat. Bidean noala lehenengo tantak jausi dira, giroa gero eta umelago, ekaitz usaina dario eguratsari. Ezer gutxi ikusten da, tupustean ortziak jo eta azantza auzo guztian zehar barreiatu da. Ai ene! justu-justu umeek irten behar duten orduan! Apurka-apurka ekaitza sendotuz doa, trumoiak eta tximistak gero eta sarriago. Umeak atera eta ordurako meteoro-ikuskizuna bere gorenean, euria bota ahalean, haize zakar-zakarra, justuriak dantzan... umeak zurtz eginda, arineketan joan gara aterpe bila. Umeak mela-mela, ni blai eta guardasola alderantzizkaturik, ziri bi apurtuta eta ni neu neure artean pentsatzen: "Eta honi nola esaten zaio euskaraz". Enbata edo galarrena ote da? Afrontua da? Zer arraio da? Datutegian begiratu eta erabaki dut: Nekatxa. Azkueren arabera, Erronkarin erabiltzen zen berba dugu euria haize zakarrarekin batera. Baina, trumoiak, tximista, haizea eta euria batera zer arraio da? Enbata izan ote zen atzokoa? Ni baiezkoan nago, inon ere irakurri eta entzun ez badut ere.
 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------