Lainope goizetik eta euritsu eguerditik

“http://www.scoutsangabriel.com.ar/progresion/nubes/nubes.9.jpg” irudia ezin da bistaratu, akatsak dituelako.

Atsegin handiz irakurtzen ditut egunero GARAn Joxe Landak egiten dituen aro-iragarpenak; herri-hizkera erabiltzeaz gain, azalpen gozoak eta deskripzio zehatzak egin ohi ditu. Batzuetan hiztegietan nekez topa daitezkeen berba ezin eztiagoez baliatzen da. Maite ditudanetariko bat "hodei sarea" da. Adibidez, "Hodei sareak egongo dira eta zerua lausotuko dute". Hodei sareak goi-goian dauden eta sare antza duten hodei luzexkak bide dira. Ederra hitza, "hodei sarea". Gaur honako eguraldi- iragarpen ederra egin du:

Okerrera joko du nabarmen eguraldiak. Lehen orduetan hego-haize txikiari esker epel samar eta giro goxoa egongo da. Lainope egongo da goizean ere eta sendotzen joango dira hodei horiek, goibelduz. Eguerdi aldean haizea mendebaldetik jarriko da eta euria botatzen hasi ere bai. Arratsaldean galanki botako du zaparrada trumoitsuak tartean direla.


Horra hor era dotorea aro-iragarpenak egiteko herri-lexikoa erabiliz! Zer ikasi asko dugu berarengandik!

Iruzkinak

Hau esan du Anonimoa erabiltzaileak…
"Hodei sare batzuk" edo espresibitate handiagoa lortzeko "hodei xare batzuk" esatean zer adierazi nahi den esplikatzeko, Donostialdean behintzat "xare" eta "xaretu" erabiltzen den beste adibide bat ipin daiteke: galtzerdiak gastatzen direnean opo aldetik (konparazio baterako) "xaretu" egin direla esaten da. Jertseari berdin, daukan fibrarik gehiena joan zaionean, ukondotik "xaretuta" dagoela esaten da. Eta orduan, arropa horiek estaltzen duten azala ikusi egiten da, arropa "transparentatu" egin delako.

Holakoak dira laino (Gipuzkoako kostaldean gutxi entzun izan da hodeia) xare horiek. Joxe Landak Itziar gainetik hitz egiten du, baina (agian horrexegatik) bere euskarak askoz gehiago dauka Aia edo Zubietan hitz egiten denetik Zumaian eta Deban hitz egiten direnetatik baino.

Tomax

Blog honetako argitalpen ezagunak

Eta enzun nezan boz bat zerutik ur handien hotsa bezala, eta igorziri handi baten hotsa bezala:

Urtaroak: ikuspegi etnolinguistikoa

...ari du...