Atzo, Bilbo aldean, behintzat, sarri gertatu zen aldi berean euria edo txingorra eta eguzkia izatea. Behinola "aixaixak bustitzeko euria" lokuzioan "aixaixak" zer izan ote zitekeen galdetzen nuen. Zuetariko bik (berriz ere, mila esker!) Oñati aldean "azeriak" zirela erantzun zenidaten. Oraingoan ere "azeriak" ditugu protagonista, eguzkia eta euria aldi berean adierazi nahi dugunean horixe erabiltzen dugulako: azeri ezteia. Inork badaki zergatik irudikatzen duen azerien ezteiak euria eta eguzkia aldi berean? Zein da lotura? Badakizue beste kulturetan antzekorik erabiltzen ote den? Uste dut "boda de raposos" entzun dudala gaztelaniaz, baina ez nago ziur. Inork badaki? Interesgarria izango litzateke galdera horien erantzuna edukitzea. Ohi legez, zenbait hizkera, hainbat aldaera, guztietan ez da azeria agertzen, baina. Besteak beste, martxoa, deabrua, jauna... Beraz martxoko aroa ere badela ematen du. axarien ezteiak . L-Ainhoa / N-...
Iruzkinak
Oso politak frantses erranairuak. Itzulpenari begiratutxo bat eman nahi nioke astiroxeago, bihar edo... Oraingoz, esan, irailaren 15eko rosée hori ihintza delakoan nagoela: ez dut hiztegirik eskura, baina, ihintza ego garoa dela egingo nuke... eta badu zentzu beterik esaldiak.
Bihar arte.
Pellozabala
Honelatsu jartzen ditut, besteon esku igurtzien zain:
-San Onesiforoz (6),
zuhaitzen sapak lokartzera datoz.
(Erramunek argi biezagu Onesiforo horren esanahia, bitxia izan behar duelakoan nago eta)
- Iraileko euriak,
laborea gozatu
ta gizendu mahastiak.
- Irailean izarlokak aldez aldeka,
azaroan upelak gainezka.
- Irail bustiz
upelak lepo guztiz.
- Santa Gurutzekoan (14)
sagar eta intxaur golkoan.
- Sant Alban goizeko ihintza (15)
arno graduez da mintza.
- Iraileko ostotsa
abenduko elur bisutsa.
- San Gerardo dohatsu (24)
intxaurrak helduta dauzkagu.
- Saindu Kosme mediku, (27)
basaranak on bekigu
(Aranen azukreaz uste dut ari dela atsotitz frantsesa, baina gurean okaranok gehienak helduak dira jada, eta basarana ere esan nahi duenez prunnier horrek, gure zaletasuna gogoan, uste dut ondo datorrela horrela).
- San Jeronimoz (30)
sagarrondoak astindu
ta upela bete sagardoz
(gure etxeko dolareaz oroitzen naiz, garaitsu honetako sagardo egin beharrak gogoan)
Heldu eta findu zuek ere, gauza ederrik utzi genezake blog honetan eta...
pellozabala
Mila esker!