Adar bat falta ote dugu?
Adar berba emankor-emankorra dugu euskaraz. Jatorrizko esanguratik abiaturik, euskaldun jendakiak hainbat irudi sortu ditu: lantegiko sirenotsak jotzen duenez geroztik, ostera ere jo arte lan egiten badugu, adarretik adarrera jarduten dugula esango dugu; egun guztian erdi galduta eta enteratzen ez naizela bizi banaiz, esango didate ilargiaren adar puntan bizi naizela; txorakeria galantak edo xelebrekeriak egiten dituenari euskaldun jator eta prestu batek beste bati adar bat falta duela esango dio; gure adiskideren bati bihurri eta petraltxoa baldin bada, akerraren adarrak baino okerragoa dela esango diogu; ildo beretik, norbaitez ari bagara eta gogor-gogorra dela adieraztekotan, esango dugu akerraren adarra baino gogorragoa dela hori; bart, adibidez, goian behean hasi zuen euria, ibaika, bada, kasu horretan adarka ari zuela esan genezakeen; azkenik, ez pentsa hau adar-jotze hutsa izan denik!