Mordindurik dago lurra
Ipar euriak erasanda, urriko ilberriarekin batera eta San Simon eta San Juda lagun, lurra mordin eginda dugu. Zer ote den mordindu galdetzen diozue zeuen buruari eta erantzuna hauxe da: euria purruztaka jardutearen jarduteaz, lurra urez ase egon eta guztiz bigunduta egotea. Horixe jazo da asteon, jazo ere! Mardul aritu izan du joan den astelehenaz geroztik eta lurra bazter batzuetan irazi ezinik dago. Gainera mendi kaskoetan, eta zenbait tokitan behe samarrean ere, elurra farra-farra jardun du zoko-moko guztiak zuritzeraino. Aditzaren ederra, mordindu! Beste eremu batzuetan ere erabilgarri susmatzen dut. Adibidez, hauxe esan genezake: "Horrek mordinduta zaukank burmuina". Izan ere, hainbat herritar narkotizatu eta anestesiaturik daude. Zirkinik ere ez dute egiten.
Iruzkinak