
Aro estrainioa eta estonagarria orain artekoa, alafede! Antizikloia oporretan Europa aldean eta guren aroa zail eta tenkor, nekez euria dakarkeena. Meteorologoek berek azaldu beharko digute zergatik aldatzen den lekuz hain sarri Azore uharteen aldeko antizikloia. Inor ote dabilkio atzetik xaxaka eta zirika Europarantz gehiago egin dezan ozeanoan lasai asko lotu beharrean? Chavezi berari itaundu behar genioke, kar, kar, kar... Kontua da horrexek sortzen duela izugarrizko langa eta euriteek eta haizeteek ez dute igarotzerik gurerantz. Behe eta goi latitudeetatik ibiltzen dira zurrunbiloak tamaina handiko triskantzak sortzen eta Euskal Herrian patxada ederrean oskarbiak eta lainoak nagusi baina, ez euririk, ez haizerik, baina bai, fresko antzean, batez ere gauez eta goizez. Guztiarekin ere gehiago du aroak negutik udatik baino, ezta? ze, San Martin inguruko "uda ttiki" horren lorratzik ere ez. Egia izango ote da, zenbait atsotitzen "B plana" beteko dela, hau da, "Negua San Martin aurretik edo atzetik" izango delako hori? Lepoa egingo nuke baietz!!
0 Comments:
Argitaratu iruzkina
<< Home