EtnoMet (Aroaren berbaroak)

2004ko azaroaren 1ean sortua. Eguraldiaren gainean mintzatzeko gunea: zer-nolako ikuspegia daukan herriak eguraldiarekiko, zein hitz erabiltzen den ahozko euskaran fenomeno atmosferiko jakinak izendatzeko. Sasoi edo egun batzuetan dagoen eguraldiaren aitzakian, iruzkinak egiteko gunea.

2005/05/19

Ostadarra eta sexu-aldaketa

Gaur Patxi Gaztelumendi blogei buruzko mintzalditxoa ematera etorri zaigu Getxoko "Egizu" ekimenaren bitartez. Dakizuenez, Patxik Gaztelumendi.org izeneko bloga dauka. Gehienbat euskaltegiko ikasleak bildu zaizkio bertara eta geroago entzun dudanez pozik agertu dira Patxik emandako azalpenekin.

Geroago, aurki.com-en nabigatzen jardun dut "euskal blogosfera"-ren berri izateko. Bisitatzen ditudan blogen artean Patxitrapero izaten da gogokoenetarikoa. Gaur, gainera, zeharka bada ere, kontu etno-meteorologiko bat aipatzen du: Gerhard Bähr euskalari alemaniarrak Araotzen bildutako esaera:" Usterik nabarmenena, bitxiena da, ezpairik gabe, Araotzen ikasi nuena: ostadarraren azpitik igarotzen dan arra emea egiten dala, mutila neska". Horrelaxe eman zuen aditzera Bährek. Herri-meteorologiari dagokionez, artikulu interesgarria idatzi zuen: "Ostadarra eta ostrailika Gipuzkoan". Azkuek ere Uztarrotzen antzeko kontua jaso eta Euskalerriaren Jakintzan argitaratu zuen: Zubiadarraren petik igareta neskatxak mitil eta mitilak neskatxa egitan drala erraiten daioei aurrer. Azkue. Euskalerriaren Jakintza I, 166 or. Ezinago ederra galdutako erronkariera!

Jean Philippe Cassany ingeniari meteorologo frantsesak ere honako hau idatzi zuen: Une idée courante au XVI siècle étatit que la personne passant sous l’arc changeait de sexe.

Eta amaitzeko honako aipamen hau jasota daukat. Norena den ikertu behar dut:

Ortzadar: al morir sale el alma y va a la luna a través de él y luego vuelve en forma de lluvia como se ha dicho ya. Al pasar por debajo del arco iris se invierten tus tendencias sexuales, así se explicaría el homosexualismo, nada raro por otro lado ni entre vascos antiguos, ni entre romanos, ni entre griegos por ejemplo)




1 Comments:

  • At 11:26, Anonymous Anonimoa said…

    Ari naiz pentsaka eta ez dut modurik aurkitzen ostadarraren azpitik pasatzeko. Horregatik iruditu zait ezinezko gauza batekin lotuta dagoela: "Hi espabilatzerako oiloak pixa egingo dik" esaten denean bezala. Edo -Ebanjelioan- Jesusek esan omen zuena bezala: "Zailagoa da aberats bat zeruetako erreinuan sartzea ganbelu bat orratzaren begitik pasatzea baino". Ez daude hain urrun orratzaren begia eta ortzadarra, alias Erromako zubia.

    Eta homosexualitatea sexu aldaketarekin parekatze hori berriz...

    Edonola ere, interpretazioak interpretazio, bai ixtorio polita.

    Tomax.

     

Argitaratu iruzkina

<< Home

 
Contador gratis contadorplus.com -----------------------------------------------------------------